Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila

Euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Etxebizitza
  4.  
  5. Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa


 Ohiko Galderak

1. Zein kasutan da aplikagarria irisgarritasunari buruzko euskal araudia.    Bertsio eskuragarria

Araudia Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu osoan izango da aplikagarria, edozein pertsonak, (fisikoa, juridikoa, publikoa zein pribatua) egiten dituen hirigintzaren, eraikuntzaren, garraioaren eta komunikazioren arloko jarduera.


2. Etxebizitzak erreserbatzeko betebeharra   Bertsio eskuragarria


a. Etxebizitza librearen sustapenean, zenbat etxebizitza erreserbatu behar dira mugikortasun murriztua duten lagunentzako.

Berrogeita hamar etxebizitzatik aurrera, bat erreserbatuko da berrogeita hamar etxebizitza bakoitzeko edo zatikiko.

b. Eta babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren kasuan?

Hogeita bost etxebizitza bakoitzeko edo zatikiko bat erreserbatuko da


3. Erreserbatutako etxebizitzek bete beharreko baldintzak.   Bertsio eskuragarria

Etxebizitzen sustatzaileek esleipendunaren ezaugarrietara egokitu beharko dituzte etxebizitzak.

Esleipen-araudiaren arrazoiak direla-eta ezin bada jakin esleipenduna nor izango den, etxebizitzek gurpil-aulkien erabiltzaileentzat edo mugikortasun murriztua duten lagunentzat aurreikusitako ezaugarriak beteko dituzte.

Etxe horien unitateko prezioa ez da sustapen bereko gainerako etxeena baino altuagoa izango.


4. Erreserbatutako etxeen kokapena.  

Sustapen berekoak ez dira oin edo bloke berean kokatuko, ez eta, gehienak behintzat, bloke deberdinetako behe-oinetan ere.


5. Garaje edo aparkalekuetan ba al dago erreserbatzeko betebeharrik?  

Garaje edo aparkaleku guztietan, haien titulartasuna eta erabilera publikoa edo pribatua den kontuan izan gabe, gutxienez 40 leku bakoitzeko edo zatikiko, bat erreserbatuko da.

Etxebizitza-eraikuntzei loturiko aparkalekuen kasuan, erreserbatutako etxebizitza bakoitzeko leku bat erreserbatuko da edo gutxienez 40tik 1.


6. Etxebizitza bateko trastelekuak irisgarriak izan daitezen nahitaezkoa al da?   Bertsio eskuragarria

Eraikuntzako irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrei buruzko 20/1997 Legearen 4. artikuluaren 2,b) atalak honako hau ezartzen du: "Etxebizitzek elementu komunekin dituzten komunikazioek, garajeak, trastelekuak eta hari lotutako aretoak, lagun guztiek modu autonomoan erabil ditzaten ahalbidetu beharko dute".

Trasteleku bakoitzeko ateen zabalerari dagokionez, gutxienez 0,80 cm-koa izan beharko duela ezarri da (erantsitako gelatzat hartzen baitira), erreserbatutako etxebizitza bati loturiko trastelekuen kasuan salbu, kasu horretan 0,90 cm-ko zabalera izan beharko dute.


7. Eraikin zahar bateko jabekideen komunitate batean jarri al daiteke 68/2000 Dekretuakezarritako gutxienekoak betetzen ez dituen kabina igogailuan?      Bertsio eskuragarria

Eraikinaren egitura edo forma dela-eta irisgarritasun-irizpideak betetzea ezinezkoa denean eta hori behar bezala egiaztatzen bada, 68/2000 Dekretuaren V. eranskinaren 3. artikuluan ezarritako erabilgarritasun-irizpideak aplikatzea onartuko da. Azken irizpide horiek jarraitzea ezinezkoa den kasuetan eta hori egiaztatzen duen Udal Zerbitzuen txostena aurkeztu ondoren, V. eranskinaren 3.3. artikuluan aurreikusitako salbuespen-lizentzia emateko aukera egongo da.


8. Nork du salbuespen horiek emateko eskubidea?   Bertsio eskuragarria

Irisgarritasunaren Sustapenerako abenduaren 4ko 20/1997 Legearen 17. artikuluaren arabera, lizentziak eta baimenak emateko eskumena duten erakunde publikoei dagokie haien zehaztapenak irisgarritasunari buruzko euskal araudiari egokitzen zaizkiola egiaztatzea. Hortaz, kasu bakoitza balioesteko eta 68/2000 Dekretuaren V. eranskinean (urbanizazio eta eraikinetan eraberritze-, handitze- edo aldaketa-obrak erregulatzen dituena) ezarritako salbuespena ematea dagokion erabakitzeko ardura lizentzia emateko eskumena duen erakunde publikoarena da.

Proiektuen edo lizentzia jakinen eskabideen balorazioa eta informazioa udal teknikarien ardura da.

Salbuespena egokitzat jotzen den kasuetan, lizentzia onartu baino lehen, Udaleko Zerbitzuek alderdi horiei buruzko txostena egin beharko dute eta, salbuespena ematen den kasu guztietan txostena Irisgarritasunaren Sustapenerako Euskal Kontseiluari helarazi beharko zaio, horren berri izan dezan.


9. 70 urte baino gehiago ditut eta gure komunitatean igogailu bat jartzea proposatu nahi diet nire bizilagunei. Zenbat bizilagunek egon behar dute alde?   Bertsio eskuragarria

Irisgarritasuna edo mugikortasuna eragozten duten traba arkitektonikoak kentzeko helburua duten obrak egiteko edo zerbitzu berriak ezartzeko jabeen gehiengoaren aldeko botoa behar da, jabe horiek era berean partaidetza-kuotaren gehiengoa bildu beharko dute.

Adierazitakoaren arabera behar bezala hartu diren erabakiek jabe guztiak behartzen dituzte.


10. … eta gehiengo hori lortzen ez badut, jarri al dezaket igogailua?   Bertsio eskuragarria

Jabeen gehiengoak, hau da, partaidetza-kuotaren gehiengoak erabakiaren alde egiten badu, jabe guztiak, baiezkoa edo ezezkoa eman duten kontuan izan gabe, erabakia betetzera behartuta daude, eta beraz, ordaintzera.

Bestela, idatziz jakinarazi diezaiokezu komunitateari eraikuntza moldatzeko obrak egiteko beharra. Jakinarazpenarekin batera 70 urtetik gora dituzula egiaztatzen duen agiria (edo minusbaliatua izatearen ziurtagiria, hala balitz) eta egin beharreko obren proiektu tekniko xehatua eman beharko duzu.

Gehienez 60 egun igaro ondoren komunitateak ez badio eskatzaileari obrak egitearen aldeko edo aurkako (arrazoitua) idatzizko jakinarazpena eman, obrak egiteko baimena duela ulertuko da eta beharrezko administrazio-baimenak lortu ondoren hasi ahal izango dira.

Obrak sorturiko gastuak eskatzaileak ordainduko ditu, indarreko legediaren araberako laguntzak, salbuespenak eta diru-laguntzak bazter utzi gabe.


11. Komunitatearen betebeharrak  Bertsio eskuragarria

Komunitatea eraikina eta haren zerbitzuak behar bezala sostengatzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren obrak egitera behartua dago, egiturazko, iragazgaitasunezko, bizigarritasunezko, irisgarritasunezko eta segurtasunezko baldintza egokiak bete ditzan.

Komunitateko jabeetako batzuen etxean pertsona ezgaiturik edo 70 urtetik gorako pertsonarik balego (bizitzen, lanean edo zerbitzuak eskaintzen, era altruistan zein boluntarioan), jabe horiek hala eskatuz gero, elementu komunak behar bezala erabili ahal izateko ezgaitu horiei egokitutako obrak egin beharko ditu komunitateak edo kanpoarekiko komunikazioa hobetzeko gailu mekaniko edo elektronikoak instalatu, betiere gastu arrunten hiru hilabeteko zenbatekoa gainditzen ez badute.


12. Igogailurik ez duen eraikin zahar batean bizi naiz. Ez dago ezintasunik edo 70 urtetik gora duen pertsonarik. Igogailua ezartzeko aukera planteatu nahi dut. Zenbateko gehiengoa behar dut?  Bertsio eskuragarria

Igogailua jartzeko jabe guztien (eta partaidetza-kuoten) hiru bostenen aldeko botoa beharko da.


13. Ostalaritzako negozio baten titulartasunaren aldaketa soilik eskatzen denean,    jardueraren titular berriari eska al dakioke irisgarritasunari buruzko euskal legea betetzea?  Bertsio eskuragarria

Titular berriak ez badu berritze-, handitze- edo aldatze-obrarik egiten salbuetsita geratuko da.


14. Jabetza horizontaleko erregimenean dagoen eraikin batean zaharren egoitza irekitzerakoan 20/ 1997 Legearen aplikazioa.  Bertsio eskuragarria

Mugikortasun murriztua duten lagunentzat ohiko etxebizitza izatea xede duen jarduera berri baten hasiera denez irisgarria den eraikin batean kokatu beharko da.


15. Bizitegi-eraikinetako elementu komunetan (atondoak, eskailerak, bigaren sarrera-ateak) 0,90 cm-ko paseko ateak jartzeko betebeharra edo ez.   Bertsio eskuragarria

Ateen 0,90cm-ko zabalera errespetatu beharko da baita eraikinaren elementu komunetan ere, zona nagusietan zein zerbitzukoetan.

Trasteleku bakoitzeko ateen zabalerari dagokionez, gutxienez 0,80 cm-koa izan beharko duela ezarri da (erantsitako gelatzat hartzen baitira), erreserbatutako etxebizitza bati loturiko trastelekuen kasuan salbu, kasu horretan 0,90 cm-ko zabalera izan beharko dute, baita trastelekuen zonara igarotzeko ateek ere, azken horiek elementu komuntzat hatzen baitira.


16. Eraikuntzako irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrei buruzko 20/1997 Legearen 4. artikuluaren 1. atalak honako hau ezartzen du: "Oin berriko eraikinak eraikitzeko obrak, lurpekoak barne eta familia bakarreko etxebizitzenak kenduta, irisgarritasuna bermatzeko moduan egingo dira lege honetan eta bere garapen-arauetan ezarritakoaren arabera". Zeri deitzen zaio FAMILIA BAKARREKO ETXEBIZITZA.  Bertsio eskuragarria

Adierazitako araudia aplikatzeari dagokionez, hauek hartzen dira familia bakarreko etxebizitzatzat: kanpoaldetik sarrera independentea (indibidualizatua) dutenak, urbanizazioa edo bide publikoa zein pribatua izan, baina eraikinaren barnean hartuta ez dagoena.


17. Irisgarritasunari dagokionez indarreko araudiak aurreikusitakoa ez betetzearen aurrean, zer egin dezaket?   Bertsio eskuragarria

Edozein hiritarrek dauka lizentzia eta baimenak ematen dituen eskumeneko erakunde publikoaren aurrean indarreko legedia betetzen ez dela adierazteko eskubidea, eta era berean jardueraren berrikuspenerako espedientea ireki dadin eskatzeko eskubidea.

Bi egoera ezberdin aurki ditzakegu:

a) Jardunak aginduzko udal-lizentziarik gabe egiten diren kasuak edo emandako lizentziako klausulek diotena betetzen ez dutena.

b) Udal-lizentziaren edukiak indarreko legediak ezarritakoa biltzen ez duenean (zati batean edo osorik) eta jardunak lizentzia horiek jarraituz egiten badira.

Bi egoera horietan lizentzia edo baimena emateko eskumena duen erakunde publikoak esku hartu beharko du indarreko legedia betetzen dela egiaztatu eta bermatzeko eta egindako egiaztapenak eta lortutako ondorioak interesdunari jakinarazteko.

Behin betiko ebazpenaren aurka, bide administratiboan, honako errekurtso hauek erabili ahal izango ditu interesdunak:

a) Nahi izanez gero, berrezartzeko errekurtsoa jarri ahal izango du ebazpena eman duen organoaren aurrean, jakinarazpena jaso duen unetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

Errekurtso hori erabili eta errekurtsoa jarri zenetik gehienez hilabeteko epean ebazten ez bada, ez onartutzat hartuko da eta kasu horretan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, berrezarpena ez onartutzat eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epean.

b) Berrezartzeko errekurtsoa jarri nahi ez badu administrazioarekiko auzi-errekurtsora jo ahal izango du zuzenean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

c) Egokia irudituz gero beste edozein inpugnazio-bide erabili ahal izango du.


18. Zein baldintza bete behar dira BOE bat eskuratzeko ezinduen taldearentzat aurreikusitako kupoaren bitartez?   Bertsio eskuragarria

Baldintza orokorrak:

a) Azken bi urte hauetan etxebizitza baten titularra ez izana.

b) EAEn erroldatuta egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

Baldintza ekonomikoak:

a) Etxebizitza alokatzeko: ez da urteko gutxieneko diru-sarrerarik ezarri.

b) Etxebizitza erosteko: Urteko 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak

Ezintasunak dituztenentzat berariazko baldintzak:

Eskatzailearen mugigarritasun murriztua: gurpil-aulkia edo bi bastoi erabiltzen dituena.
Horretarako ezarritako baremazioan, 7 puntutik gorako edo 12 puntutik gorako emaitza lortzea.

 

 

Azken eguneratzea: 2007/11/30