|
ERAIKUNTZAKO BALDINTZA TERMIKOEN INGURUKO LEGERI ETA ARAUDIA

-
38/1999 Eraikuntza Antolatzeko legea
3. artikuluak eraikuntzaren oinarrizko baldintzak ezartzen ditu, pertsonen segurtasuna, gizartearen ongizatea eta ingurumena bermatzeko. Baldintza horien artean, energia-aurrezpenari eta isolamendu termikoari lotutakoa dago, eraikina behar bezala erabiltzeko beharrezkoa den energiaren zentzuzko erabilera lortzeko helburua duena.
(1999ko azaroaren 6ko BOE)
-
-
Europar Zuzentaraua 2002/91/CE Eraikinen Eraginkortasun Energetikoa
Energia-eraginkortasuna kalkulatzeko metodologia bat ezartzen du, baita metodologia horretan oinarrituta eraikinen energia-eraginkortasunari lotutako gutxieneko baldintza batzuk bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko nahitaezkotasuna ere.
Halaber, eraikuntza berriko eraikinen erosleei eta erabiltzaileei eraikinen energia-ezaugarriei buruzko ziurtagiri bat emateko betebeharra ezartzen du, energia-eraginkortasuneko eraikinak eta energia-aurrezpenean egin daitezkeen inbertsioak bultzatzeko.
Ziurtagiri horrek eraikinen energia-ezaugarriei buruzko informazio objektiboa bildu behar du, energia-eraginkortasuna konparatu eta balioetsi ahal izan dadin.
Era berean, galdaren eta aire egokituko sistemen aldizkako ikuskapena ezartzeko nahitaezkotasuna finkatzen du (potentzia izendatuaren araberakoa).
-
47/2007 Errege Dekretua, Eraikinen Energia Eraginkortasuneko Ziurtagiriari buruzkoa
2002/91/EE Zuzentarauaren Espainiako legeriarako transposizioa da, 7. artikuluari dagokionez (Energia-eraginkortasunaren ziurtagiria). Ziurtagiri horretan, eta energia-eraginkortasuneko etiketa baten bidez, energia-eraginkortasun mota bat esleituko zaio eraikin bakoitzari. Motak Atik Gra bitartekoak izango dira (A motakoak energia-eraginkortasunik handieneko eraikinak izango dira, eta G motakoak, berriz, energia-eraginkortasunik txikienekoak).
Energia-eraginkortasunaren kalifikazioa eraikinaren energia-eskariari funtzionamendu- eta okupazio-baldintza normaletan erantzuteko beharrezkotzat hartzen den energia-kontsumoaren adierazpena da. Kalifikazio hori proiektuaren fasean (egikaritze-proiektuari erantsiko zaion ziurtagiri bat eginez) zein amaitutako eraikinerako egin beharko da. Azken kasu horretan, Eraikinaren Liburuari erantsi beharko zaio ziurtagiria.
Eraikin baten energia-eraginkortasunaren maila zehazteko, bi aukera daude: aukera orokorra, prestazio-izaerakoa, informatika-programa baten bitartez (erreferentziazkoa CALENER izenekoa da); eta aukera sinplifikatua, preskripzio-izaerakoa, energia-eraginkortasunaren kalifikazioa kalkulatzeko metodologia zeharka garatzen duena.

-
1027/2007 Errege Dekretua. Eraikinetakorako Instalazio Termikoen Araudian (E.I.T.A.)
Eraikinetako Instalazio Termikoen Araudi berriak (EITA) aurrekoa ordezkatzen du (uztailaren 31ko 1751/1998 Errege Dekretua), eta berokuntzako, klimatizazioko eta ur bero sanitarioko instalazioen bitartez ongizate termikoaren eta higienearen eskariari erantzun behar dioten instalazioek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, energiaren erabilera zentzuzkoa izatea lortzeko.
Errege Dekretuak energia-eraginkortasunaren esparruan ezartzen dituen eskakizunik garrantzitsuenak honako hauek dira:
- Energia-errendimendu handiagoa beroa eta hotza sortzeko ekipoetan, eta fluidoak mugitzeko eta garraiatzeko ekipoetan.
- Isolamendu hobea fluido termikoen ekipoetan eta eroanbideetan.
- Aire girotuko lokaletan aurreikusitako diseinu-baldintzei eusteko erregulazio eta kontrol hobea.
- Eskuragarri dauden energia berriztagarrien erabilera, eguzki-energiarena eta biomasarena bereziki.
- Energia berreskuratzeko eta hondar-energiak baliatzeko azpisistemak txertatzea.
- Instalazio kolektiboen kasuan, kontsumoak zenbatzeko nahitaezko sistemak. Erregai solidorik kutsatzaileenak pixkanaka desagerraraztea.
- Eraginkortasunik txikieneko sorgailuak pixkanaka desagerraraztea.
-
ERAIKUNTZAKO KODE TEKNIKOA
Eraikin berrietarako eta eraberritzen diren eraikin handietarako energia-eraginkortasuneko gutxieneko baldintzak ezartzen ditu, karbono-dioxidoko emisioak murrizteko, Europar Batasuneko zuzentarauei jarraiki.
Energia aurrezteko helburua lortze aldera, kontuan hartu behar da eraikinak proiektatzen, eraikitzen, erabiltzen eta mantentzen direnean ezarritako oinarrizko eskakizunak bete behar direla. Eskakizun horien artean, energia-eskaria mugatu beharra dago.
Eraikinen inguratzailearen ezaugarriek behar bezala mugatu beharko dute ongizate termikoa lortzeko beharrezkoa den energia-eskaria, bertako klimaren, eraikinaren erabileraren eta udako eta neguko erregimenaren arabera. Halaber, isolamendu eta inertziari, airearekiko iragazkortasunari eta eguzki-erradiazioari lotutako ezaugarriak direla-eta, kaltegarriak izan daitezkeen azaleko eta zirrikituetako kondentsazio-hezetasunak agertzeko arriskua murriztuko da, eta zubi termikoak behar bezala tratatuko dira, bero-galerak edo bero-irabaziak mugatzeko eta arazo higrotermikoak saihesteko.
Halaber, argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko eskakizun batzuk (instalazio termikoak EITAn garatuta daude), eta kontsumitzen den energiaren zati bat energia berriztagarrien iturrietatik lortzeko beste eskakizun batzuk (eguzki-energia hartzea) ezartzen ditu.
|